XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behelainoak udako goiz ederra iragazten zuen beraz, eta bozkario hark bi biografiak bat egin gogo zituela zirudien.

Gabrielle bere iraganaldiko nebulosa ahanzten arituko balitz bezala sentitzen zen, bere baitan hamaika amets pizten arituko balira bezala.

Eta sentimendu bera nagusitu zitzaion auto batetik zetozkion zenbait argi keinu ikusi zituenean.

Eserleku batean utzia zuen picnic-erako poltsatxoa jaso, eta pozak abiatu zen autorantza, lainoak bustita zeuzkan ezpainak mihiaz igurtzi, eta haien gorri umela dastatu ondoren.

Kotxean ile urdineko gizon sendo eta heldu bat zegoen, musika goxo eta giro epelerako gonbitez.

- Egun on ahoskatu zuen baxuan, goizak hitz egiteko doinu apala eskatuko balu bezala.

- Baita zuri ere ihardetsi Gabriellek.

Eta irudi zuen hitz xume haiek aski zirela biak inguratzen zituen distantzien amarauna deusezteko.

Gabriellek poltsa eta oihal marroizko jaka atzekaldeko eserlekuetan paratu, eta musikaz egin zion Samueli galde:

- Zein musika polita. Norena da?

- Misioa filmerako Ennio Morriconek egin zuena da, gustatzen al zaizu?

- Bai... adierazi zion. Oso atsegina da.

Bien bitartean Nihilur ibaiaren hegi suntsitua segitzen zuen autoak, alboetan zaborreri pilak eta lanerako prestatzen ari ziren langileak eta utzirik.

- Izan al zara inoiz Yssel lakuan? itaundu zion Samuelek 1666ko zubian sartu bezain pronto.